viernes, 2 de octubre de 2015
ADUNAKO ESKOLA
Aste honetako arratsalde batean Adunako eskolako irakasle bat etorri zaigu hitzaldi bat ematera, Iñaki Pagola. Bera ingelesean eta IKT-etan aditua (dominioak kudeatzeaz eta dokumentuen segurtasunaz arduratzen da.)
Aduna herri txikia da eta 68 ikasle besterik ez daude eskolan. Horregatik ikasleak ez dira mailaka sailkatzen. Berak esan zuenez 6., 5. eta 4. mailako ikasleak batera egoten dira. 3. eta 2. mailakoak batera eta 1. eta 5urtekoak ere elkarrekin.
Gainera ez dute libururik erabiltzen, dena proiektuen bidez ikasten dute eta tresna teknologikoak erabiltzen dituzte horretarako: tabletak, ordenagailuak, mugikorrak... Erakutsi zigun bideo batean ikusi genuen matematikak ikasteko maketa bat egin zutela haurrek, horretarako neurriekin eragiketak egin behar zituzten. Maketa hori adunako frontoia zen, beraz haurrek zentzu bat hartzen zioten egiten ari zirenari eta horrela interes handiagoa jartzen zuten, izan ere ikasi behar dituzten gauzak egunerokotasunean dauden egoerekin lotzen badira gusturago ikasten dute.
Adunako eskoa, heldutasun eredua deritzon horretan, maila aurreratuan aurkitzen da, izan ere, IKT-ak erabiltzen dituzte edozer gauza egiteko. Eredu honetan aurkitzen diren beste bi mailak hasierakoa eta ertaina lirateke, Euskal Herriko eskola gehienak bi hauetako batean aurkitzen direlarik. Google apps-ekin etengabeko kontaktuan daude eta beraz, honek eskaintzen dituen doaineko baliabideak erabiltzera ohituta daude, hala nola: Blogger, Drive, Calendar, Classroom, posta elektronikoa...
Honetaz gain, irakasle guztiek koaderno digitalak erabiltzen dituzte ( Drive eta Sites bezalako programekin egina) eta honako gauza hauek landu eta jasotzen dira: klase bakoitzean egingo dena, ikasleen asistentzia, jarduerak, denboralizazioa, landutako konpetentziak, edukiak, ebaluazio irizpideak... Beste alde batetik, eskola honetako irakasle kopuru txikia izateak elkarlana sustatzen du eta kuaderno digital berean idazten dute guztiek. Horrela, denek denen informazioa alderatu eta konpartitu dezakete.
Bileretako aktak ere, metodologia honekin jasotzen dituzte: egun bakoitzean irakasle bat arduratzen da erabaki eta hitz egindako gauzak Driven idazteaz, horrela guztien eskura gelditzen da informazioa.
Lehen aipatutako Classroom app-aren inguruko azalpena ere eman digu: bertan irakasleek, egin beharreko lanak bidaltzen dizkieite ikasleei, hauek drive-ren bidez burutu eta igotzeko. Ondoren, irakasleak lan horiek zuzentzen ditu, baina ez die erantzun egokia ematen, baizik eta pistak eta laguntza emanez, ikasleek haien kabuz ikas dezaten saiatzen dira.
Calendar-en ere, irakasleek bilerak, ikastaroak eta gauza garrantzitsuak idazten dituzte (norbait klasera etorri ez dela adibidez) eta ondorioz, denek izango dute horren berri.
Alkiza eta Berrobi ere Aduna bezalako herri txikiak dira eta Iñakik esan zigunez hiru eskola hauek elkarlanean aritzen dira. Horretarako moodle plataforma komun bat dute eta bertan azaltzen dizkie elkarri egindako lanak
Amaitzeko guk geneuzkan galderak egin genizkion Iñakiri eta berak argitu ondoren amaitu zen hitzaldia.
AMARA BERRIKO HITZALDIA
Aurreko astean Amadeo, Amara Berriko IKTko arduraduna, etorri zitzaigun hitzaldi bat ematera.
Hasteko, Amara Berriko sistemari buruzko azalpen batzuk eman zizkigun, hobeto ulertzeko klasean duten dinamika. Txokoen bitartez egiten dute lan, eta zikloka daude bereizita ikasleak,esaterako, hirugarren eta laugarren mailako ikasleak elkarrekin daude gelan, honek lan kooperatiboa helburu duelarik. Gainera, ez dute testu libururik erabiltzen, nahiz eta liburutegia informazioa bilatzeko tresna moduan oso erabilgarria egiten zaien. Irakaslearen funtzioa pasiboagoa bihurtzen da eta haurrek lantzen dituzten proiektu guztiek dute zertarako bat.
Bestalde, IKTko atalean zentratuta eskolan erabiltzen diren Hedabideen inguruan hitz egin zigun eta hauen ezaugarri batzuk aipatu zizkigun: Lehenik, hedabide hauen helburu nagusiak eskolan egiten diren lanei zentzua ematea eta IKT-en mundua sakontzea direla esan zigun; bigarrenik,egunero dagoela Hedabideen espazioa irekita eta ikaslea guztiek parte hartzen dutela bertan; hirugarrenik, egunero bi ikasle desberdin egoten direla espazio honetan tekniko lanak egiteko eta guztira kurtso osoan zehar ikasle bakoitzak 60 ordu igarotzen dituela bertan esan zigun; eta azkenik, kate moduan egiten dela lana, ikasleek batak besteari azaltzen diolarik tresneriaren funtzionamendua.
Honekin jarraituz, Amara Berri eskolan irratia, telebista, egunkaria eta txikiweb-a lantzen zirela aipatu zigun eta egia esan asko harritu gintuen eguneroko albisteak egunkari batean txertatzen zituztela entzuteak. Gainera, irratiari dagokionez, eskolako web orritik entzun daiteke eta baita irratian eskolatik gertu egonez gero. Telebista geletan ikus dezakete,eta haiek egiten dituzte albistegiak editatu ostean ikusten dituzte. Azkenik, txiweb-ean idatzi egiten dute baina lan hau 3.zikloko ikasleei dagokie.
Hitzaldia oso interesgarria iruditu zitzaigun, izan ere, ezagutzen ez genuen sistema bat azaldu ziguten eta honek lagundu zigun praktiketara begira apur bat prestatzeko.
Maialen Arrieta, Maialen Ansuategi, Ariane Arrieta, Libe Alvarez eta Mirari Arteaga
Taldeko hausnarketa
ONDORIOAK
Bakoitzak bere blogean idatzi ditugun testuak aztertu ondoren, ondorio garbi batzuetara iritsi gara.
Lehenik eta behin, esan dezakegu gure ibilbide akademikoan zehar ez dugula teknologiarekin kontaktu handirik izan,liburuekin ikasi baitugu. Gaur egun ordea, eskola gehienak IKT-ak gehiago erabiltzen hasi dira, batez ere tablet-ak, ordenagailuak eta arbela digitalak.
Adibidez, taldekide batek batxilergoko bi urteetan liburuak erabili beharrean ordenagailua erabili zuen lan tresna moduan, drive, prezi,power point, dropbox, Word…bezelako aplikazioak erabiliz.
Denbora libreari dagokionez, aipatu behar dugu, gure garaian, gure lagunekin igaroten genuela arratsalde guztia, parkean zein herriko plazan. Beraz inguruko jendearekin sozializatzen ginen, ez baigenuen mugikorrik ezta aparatu elektronikorik ere. Gaur egungo egoera ikusita ordea, gauza asko aldatu direla hautematen dugu, eta ikusi dugu sozializazioa sare sozialen bidez ematen dela. Haurrak pantailaren atzean ezkutatuz aurrez aurreko egoerak sahiesten dituzte.
Bestalde, generoa eta teknologiari dagokionez, “mutilen” eta “nesken” jokuak bereizten dira mundu honetan. Haurrei txikitatik erakusten zaie zein jokutan aritu behar diren, eta norbaitek ez badu hori betetzen gaizki ikusia egoten da edo baztertuta sentí daiteke, izan ere, besteek jarraitzen duten bidea ez duela jarraitzen ikustean zerbait gaizki egiten ari dela iruditzen zaio eta bere ibilbidea erakutsi dioten hortara moldatzen du.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)